Noticia25/11/2020

Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Eguna

Covid-19ak indarkeriaren biktima diren emakumeen babesgabetasuna areagotu du. Arazo ekonomikoak larriagotu dira, eta prozesu emozional eta pertsonalak oztopatu

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko eguna da gaur, azaroak 25, eta Caritasek nabarmendu nahi du indarkeriaren biktima diren emakumeen egoera larriagotu egin dela.

Pandemiak arazoak larriagotu ditu

Koronabirusak eragindako osasun-krisia babesgabetasun egoeran dauden familien baldintzak are gehiago okertzen ari da.

Honakoak dira antzemandako arazoetako batzuk:

  • Arazo ekonomikoak larriagotzea: diru-sarrerak galtzea, langabezia egoera edota gizarte-laguntzak ezin eskuratzea. Horren ondorioz, Caritasen eskaera ugari jaso ditugu elikadura, higiene, etxebizitza edota hornikuntzen ordainketa eskatuz, beste gauza batzuen artean. Prekarietate egoera horri gehitu behar zaio prestakuntza eta lan arloan aukera falta dagoela, eta arrakala digitala. Azken horri dagokionez, arazoa ez da bakarrik baliabide digitalik ez edukitzea; erabiltzen ez jakiteak ere konplikatzen du egoera, eta, horren ondorioz, baliabideak lortzeko zailtasunak datoz.
  • Osatze-prozesuetan atzera egitea. Pandemiak ezarritako murrizketen ondorioz, emakume asko beren bikoteen mende geratu behar izan dira berriz, arrazoi ekonomikoengatik; beraz, enplegua bilatu eta ahalduntzeko prozesuetan atzera egin dute. Beste kasu batzuetan, bikotekidea izan da lana galdu duena, beraz, denbora gehiago ematen du etxean, eta horrek areagotu egiten du gatazka, eta indarkeriaren zirkulutik irteteko ezintasun sentimendua indartzen du.
  • Egoera emozionalak okerrera egitea. Covid-19ak sortutako ziurgabetasunak indarkeriaren biktima diren emakumeei eragiten die, lehendik ere egoera emozional delikatuan egon baitira. Azken hilabeteetan emakume askok behar izan dute laguntza emozional eta psikologikoa dolu eta antsietate egoeren ondorioz.

Ezaugarri indibidualen arabera egokitutako erantzunak

Pandemiak eragindako diskriminazio egoera anitzak direla eta, Caritas ahalegin berezia egiten ari da eta aparteko baliabideak bideratzen ari da emakumeei erantzuna emateko, bakoitzaren ezaugarrietara egokituz.

Proiektuetan egiten duguna lanaren bidez, gure gizartean errotutako indarkeria matxistaren lekuko izaten ari gara. Gaitz larri horren biktimek ez daukate adin, nazionalitate, ikasketa-maila edo egoera ekonomiko zehatzik. Edozein emakume izan daiteke biktima. Lagunak, senideak, auzokideak, ezagunak… izan daitezke; edo norbera. Hainbat forma ditu indarkeria matxistak: Hilketak, prostituzioa, sexu-esplotazioa helburu duen salerosketa, familia barruko indarkeria, ezkontza behartuak, sexu-indarkeria… eta ezin ditugu ahaztu gure artean normalizatuta dauden gaiak, hala nola “mikromatxismoak”. Egunero izaten gara horien testigu; gure “kultura sozialaren” parte dira.

Aipatu behar da, gainera, azken urteetan indarkeria areagotzen ari dela gazteen artean eta sare sozialetan. Datu hori oso kezkagarria da.

Zenbat eta bazterkeria handiagoa, orduan eta zailtasun gehiago

Pobrezia eta gizarte-bazterkeria errealitateei erreparatuta, emakumeek zailtasun handiagoak dituzte indarkeria egoerak atzean uzteko.

Caritasek argitaratutako “Las personas en situación de sin hogar acompañadas por Cáritas. Contexto en 2019 y durante el estado de alarma y la COVID-19” ikerketaren arabera, estatu osoan 7.000 emakume baino gehiago bizi dira etxerik gabe, eta egoera hori indarkeria matxistaren ondorioa izan da, batez ere.

Baina indarkeria matxistaren biktimak ez dira bakarrik emakumeak. Familia horietan bizi diren haurrak eta edadetuak ere hala dira, eta hori oso kontuan izan behar dugu arazo larri honen dimentsioaz ohartzeko.

Konpromiso pertsonala eta neurri politikoak

Caritasek erantzukizun pertsonal eta kolektiboari dei egiten dio, gaitz hau desagerrarazteko. Emakumeen aurkako indarkeriaren kontzientzia hartu eta ikusgarritasuna eman behar da, eta aktiboki lan egin emakumeen aurkako diskriminazio jarrerak, lengoaia eta praktikak desagerrarazteko. Indarkeria matxistei esfera publikoaren bidez heldu behar zaie, eta ez bakarrik eremu pribatu edo domestikotik.

Legeak aurrerapauso handiak eman ditu, baina oraindik ere bide luzea dugu aurretik. Hori dela eta, Caritasek indarkeria matxistarik gabeko gizarte baten alde lan egingo du, eta Administrazio publikoei eskatu nahi die biktimenganako arreta bermatzeko, baina ez hori bakarrik. Indarkeria horien prebentzioan lan egin behar dugu, neskatilak eta neska gazteek horrelakorik inoiz ez sufritzeko.

Frantzisko: “Degradazio koldarra”

Frantzisko Aita Santuak Amoris Laetitia testuan egiten duen aipamena gogora ekarri nahi dugu. “Emakumeen aurkako indarkeria lotsagarri hori aipatu nahi dut; familia barruko tratu txarrak eta esklabotasun formak; horiek ez dira gizonen indarraren erakustaldia, baizik eta degradazio koldarra”, adierazi da entziklikaren 54. puntuan.

Eta zera gehitzen du: “Ezkondutako bikotearen barruan emakumeen aurka egiten den indarkeria fisikoa, hitzezkoa edota sexuala ezkontzaren beraren izaeraren aurkakoa da. Kultura batzuetan emakumeek sufritzen duten mutilazio genitalean pentsatzen dut, baina baita lanpostu duinak izateko eta erabakiak hartzeko eremuetan parte hartzeko jartzen zaizkien zailtasunetan ere. Kultura patriarkalen gehiegikerien zantzuk ikus ditzakegu nonahi. Emakumea bigarren mailako izakitzat hartu da eremu eta leku askotan. Era berean, amatasun subrogatuaren adibidea ere hor dago, eta egungo kultura mediatikoan emakumeen gorputzaren inguruan egiten den instrumentalizazioa eta merkantilizazioa”.

 

ESTEKA ‘AIZU’